XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ipazter eta Getxoko zaldi eta idi probak azken txanpan dira

DONOSTIA

Koldo ALDUNTZIN

Guk dakigula bederen, hiru herri ezberdinetan izango dira asteburuan abere probetako txapelketak.

Ipazterren 12 abere plazaratuko dira bihar, etzi eta asteleheneko jardunaldietan.

Getxon, gaur, bihar eta astelehenean jokatuko dira geratzen den hiru jardunaldiak 9 uztarrirekin, eta Gatikan, kintopekoen idi probak izango dira igandean.

Ipazterko zaldi-behor-mando txapelketari dagokionez, lau jardunaldi jokatu dira dagoeneko eta 22 aberek jardun dute.

Hortaz, hiru jardunaldi geratzen dira eta 12 abere plazaratzeko.

Garaileari dagozkion 85.000 pezeta, manta eta trofeoa irabazi nahi dituenak, 68 untze eta 2,44 metro baino gehiago egin beharko ditu, horixe baita hain zuzen ere, orain arteko markarik onena; Laukizko Muebles urrutiak egin duena.

Marka hau joan zen ostiralean egin zuen jabe horren zaldiak.

Josu Olea eta Iñaki Urrutia izan zituen eragile-laguntzaile eta 520 kiloko pisua eman zuen.

Pisu neurtuko txapelketa denez, 120 kiloko gainzama erabili zuen.

Bigarren markarik onena, egun berean egin zuen Errezilgo Uzkudunen mandoak, 64 untze eta 1,18 metro.

Txapelketa hau puntuagarri izango da Sari Nagusietarako, eta abereek, 850 kiloko harria darabilte 80 kiloko gainzamarekin.

Oinarrizko pisua 400 kilokoa da.

Bihar gaueko 9.30etik aurrera, lau probalariren animaliak ariko dira lanean: Sondikako Txakon eta Ibarra, Erandioko Iker Begoña eta Errezilgo Uzkudun.

Igandean, arratsaldeko 5.00etan beste lauk jardungo dute: Eibarko Urkiaga, Munitibarko Iru-bat, Bermeoko Elgezabal eta Laukizko Atutxa.

Astelehenean izango da azken saioa 21.30ean.

Getxon Egurbide aurretik

Getxoko Andra Mari probalekuan, gaur berrekingo diote pisu neurtuko Getxo Udala idi proba Sari Nagusiari.

Gaueko 10.00etatik aurrera, Egoitz Lopategi, Belarreta eta Matierrotasen idi pareak ariko dira.

Bihar, Telleria, Maderas Anitu eta Urkiren uztarriak plazaratuko dira.

Orain arteko markarik onena, Azkoitiko Egurbide-ren idiek egin zuten joan zen astelehenean 50 untze, 3 zinta eta 6,14 metrorekin.

Igandean ez da saiorik jokatuko eta astelehenean amaituko dira probak.

Gatikan (Bizkaia), berriz, kintopeko idiak ariko dira lehian igande arratsaldeko 5.00etatik aurrera.

Santa Maria jaietako 3. Sari Nagusia izango da ikusgai lau probalariren uztarriekin: Laukizko Joseba Unibaso, Mungiako Muebles Urrutia, Gatikako Ander Bilbao eta Billelako Iñaki Lopategi.

Antolatzaileak Gatikako Udala eta Kirol Taldea dira.

Lau idi pareak ordu erdiz ariko dira.